|
ZEREGINEN IKASKUNTZA GELA
Zereginen Ikaskuntza gelaren helburua, eskola beharrizan bereziak dituzten ikasleak, eta beraz, batxilergora, heziketa zikloetara edo lanbide hastapenera joan ezin dutenak, lan mundurako eta eguneroko bizimodurako prestatzea da. Ikasleei helduen mundurako eta lan mundurako bideak zabaltzea. Gela honek 1998ko uztailaren 30eko AGINDUAK zehaztutako Araudia jarraitzen du, beharrizan berezietako ikasleen eskolaratzea eta behar dituzten baliabideak egokitzeko irizpideak arautzen dituena (14tik 24 bitarterako artikuluak).
Gela honetan, matrikulatze urtean 16 urtetik gora dituzten ikasleen beharrizenei erantzuten die, gehienez lau ikasturte luza daitekeelarik, bi ziklotan banatuak. Lehen zikloak, 16tik 18rakoak, lau hezkuntza arlo hartzen ditu: komunikazioa, norbanako autonomia, giza-trebetasunak, gizarteratzea eta lanerako orientazioa. Bigarren zikloak, espezializatuagoa azken hau eta 18 urtetik 20ra bitartekoa, formakuntza basikoa hartzen du, lanerako orientazioa eta zeregin osagarriak. Bestalde, ziklo honetan praktikak burutzeko formakuntza aldi bat ere egongo da, lantegi batean egingo dena.
Hezkuntza Sailak burututako kurrikulum proiektua ere bada, ikaslegoaren beharrizenetara eta Mungia Institutuaren ezaugarrietara egokitua.
Horrez gain, ikasle bakoitzak lanerako bakarkako plana du eta bertan azaltzen dira eskolaratze proposamenak, gainditutako ikaskuntzak eta proposatutako hezkuntza ibilbidea. Guzti horren informazioa ematen zaio ikasleari eta bere familiari, hiruhilero, heziketa prozesuaren bukaeran.
Gela hau, Pedagogía Terapeutikan lizentziaduna den irakasle batek darama, tutore beharrak egiten dituena, eta Heziketa Zikloetako irakasle tekniko batek. Profesional hauek , zentruko plantilakoak diren heinean, gainontzeko irakasleen eskubide eta betebehar berdinak dituzte. Era berean, ikastetxeko Orientazio zerbitzuaren laguntza eta Getxoko Berritzegunearen aholkularitza dituzte.
Zereginen Ikaskuntza gela, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren barnean bilduta dago, eta etapa horretako ikasleen egutegi, ordutegi eta zerbitzu (jantokia eta garraioa) berberak izango dituzte ikasle horiek ere. Eskolako jardunaldia bi gela desberdinetan banatzen da: bata San Pedron kokatuta dago, DBHko eraikinean, eta bertan arlo instrumentalak, norbanako autonomia eta gizarte trebetasunekin lotutako lana burutzen da.
Beste gela, tailerrari dagokiona da eta bertan lanerako orientazioa, lan ohiturak hartzea eta lan arlo bakoitzeko ikaskuntza bereziak lantzen dira. Ikaslego honek, bakoitzak bere ekintza desberdinen banakako planaren arabera, talde arruntetan ere hartzen du parte eta baita talde moduan ikastetxetik antolatzen diren ekintza osagarrietan eta irteeretan ere.
Arreta berezia ematen zaio eguneroko zereginei aurre egiten jakiteari eta denbora libreari, horretarako sukaldaritza, igeritokia eta aisialdirako udalerritik egiten diren proposamenetan ikasle horien parte hartzea bultzatuz. Lagun urkoa onartzen ikastea lantzen da, nork bere burua onartuz, autoerregulazioa garatuz eta taldekideen kohesioa sendotuz; guzti hau bakarkako tutoretza lanetik, ikasle bakoitzak taldeari egiten dion ekarpena azpimarratuz. Hortaz, bada, guztion partehartzea oinarrizko balore bihurtzen da.
Beraz, esandako guztiaren laburpen modura, Zereginen Ikaskuntza gelaren honako helburu orokor hauek bildu ditugu:
*Ikaslearen laneratzea ahalbidetu, horretarako aproposak diren esku-trebetasun, ezagumendu eta lan ohiturak garatuz.
*Bere inguruko gizarte errealitatearen aurrean interesa piztu eta kritikoak izaten irakatsi.
*Besteenganako adierazmen, entzumen eta ulermen gaitasunak garatu, elkarrekiko errespetua ahaztu gabe.
*Oinarrizko trebetasun akademikoen formakuntza landu, ikasleak aldez aurretik dakiena kontutan hartuz.
*Bere eguneroko bizitzan izandako ezagumen eta trebetasunen garapena sustatu.
*Ikaslearen ikaskuntza funtzional eta adierazgarriak bultzatu, maila logiko zein sikologikoan.
*Ingurumen desberdinetan partehartzea bermatzen duten gaitasunak garatu, ahalik eta modu autonomoenean.
|